XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gorputzen banaketa garbi zegoen: gorputz elektrikoak eta eroaleak.

Dufay-k (1698-1739) bestalde, 1733.ean, bi elektrizitate-mota daudela ikusi zuen: bitreoa eta erretxinatsua, bata beira eta bestea anbarea igurtziz lortzen zirelarik.

Honetaz, elektrizitatearen azalgarri, bi fluido zeudela proposatu zuen, fluido hauek elkarrekin nahasirik zeudenez, elkarren efektuak neutralizatzen zituztelarik.

Horregatik deitu zien elektrizitate positibo eta negatiboa.

Igurtzimenduz, berriz, banagarriak ziren, elkarren arteko erakarpenak sorturik.

Franklin-ek (1706-1790) berriz, elektrizitatea fluido soil batez azalgarriagoa zela zioen, elektrizitatearen bi aurpegiak beronen soberatasun edo urritasunaren bidez azaldurik.

1745.ean elektrizitatea metatzeko bi saio egon ziren gutxienez.

Bata Von Kleist-ek egina, eta bestea, Husschenbroeck-ek Leyden-en egina.

Elektrizitatea kondentsadore batetan (hau da, bi eroale-xafla, tartean isolatzaile-xafla batekin) meta zitekeela ikusi zuten.

Leyden-eko botila deritzona sortu eta hedatu zen.

Sasoi hartan jostagarria zen elektrizitatearen arazoa, eta horrela zabaldu zen han-hemenka.

Geroago Benjamin Franklin-en ekarpen nagusia etorri zen.

Bere teoriaren arauera azaldu zuen Leyden-eko botilaren arazoa, hau da, elektrizitatea fluido soil bat zela onartuz.

Eta eroankortasuna aztertuz, ondorio honetara iritsi zen, alegia, tximistak eroankortasun elektrikoaren aurpegi bat zirela ikustera, laborategietako txinpart elektrikoei loturik.

Eta frogatu ere egin zuen, kometa batez tximista bat bere eskuraino eramanik.

Experimentu ondo mingarria, baina oso baliozkoa; lehen ere Von Kleist-ek, elektrizitatea metatzerakoan, deskarga bat jasan zuen, hura artifiziala, geroagoko zartada elektrikoen aintzindari.

Hortik atera zuen Franklin-ek, elizdorreetan eta, tximistorratza ipinirik, tximistaren ondorioak ezerezta zitezkeela, berehala praktikara eramanik.

Hauxe izan zen Elektrika zientziak bizitzari emandako lehenengo aurrerapena.

Honetaz, Franklin-en ohorea zabaldu zen jendearen artean, aurretik bere azalpen teorikoetaz, mundu zientifikoan irabazia zuena.